Negozioaren nekazaritzak irabazi du. Salerosketaren uzta gailendu da Europan, eta etekinari, soilik etekinari begira lanean ari direnek ziria sartu digute. Beste bost urtean glifosato hiltzailea jan beharko dugu. Glifosatoa hiltzailea da, bai; izan ere, belarrak hiltzeko asmoarekin erabiltzen da, baina belarrak hiltzen dituenak zer ez ote du hilko?
Mundu osoan nekazaritzaren alorra gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari da. Etorkizuna eraikitzeko estrategikoa da. Aurrerantzean, gerrak ez dira irabaziko diruarekin, armekin edo ejertzitoekin, gosearekin irabaziko dira. Dirua pilatzen duten multinazionalak lurrak eskuratzen, ura pribatizatzen, hazien erabilera patentatzen, transgeniko kutsatzaileak hedatzen, ongarri sintetikoak eta pestizida hiltzaileak behar dituzten landare aldaerak sustatzen eta abar ari dira. Bidea argia da: berdin da lurra hiltzea, berdin da ingurumena kutsatzea, berdin da bioaniztasuna agortzea, berdin da gero eta jendarte gaixoagoa izatea; guk patrikak beteta ditugu, gero eta beteago, gainezka.
Garai batean nekazaritza industriala deitzen genion, aspaldi aldatu genion izena; orain nekazaritza kapitalista da. Nekazaritza horrek ez du elikagairik ekoizten; dirua ekoizten du. Mozkina ez da ogia, mozkina sosa da, dirua. Eta diru-goseak mugitzen du Europa.
“Iraultza berdea” saldu ziguten duela mende erdi bat baino gehiago, nekazaritza industrialak bere kimika eta pozoi guztiekin munduko gosea berdinduko zuela. Emaitza gose den mundu erdiaren eta gaixo den beste erdiaren ahotan dabil: klima aldatzen, lurrak antzutzen, pobrezia areagotzen, planeta erretzen...
Glifosatoa da guda hori ondoena islatzen duena. Sekulako herbizida indartsua da, nekazariaren lana arintzen du, eta hura erabiltzea eskatzen dute; ordainetan, gu denon etorkizuna kixkaltzen ari gara. Nekazari horiek badakite hiltzailea dela, bere ondorengoen lurra eta etorkizuna erretzen ari direla. Administrazioko enpresetako teknikariena okerragoa da: urrutiko bulegoetan erabakitzen dute trenbideetan –argazkian bezala–, errepideetan, espaloietan nahiz plazetan glifosatoa erabiltzea. Eta zientzialariak, zuritasunaren zuritzaileak.
2015ean eman zuen Osasunaren Mundu Erakundeak epaia, Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziaren bitartez: seguruenera, minbizi-eragilea da glifosatoa. Ikaragarrizko mugimendua sortu zen haren erabilera galarazteko; milioi bat sinadura baino gehiago bildu ziren. Alferrik. Europa diruzaleak irabazi du.
Ez etsi, hala ere. Gure esku dago: ekologikoa jan. Eta Europara begiratzeari utzi, eta aldamenean dugun zinegotzi, alkate, diputatu, teknikari, nekazari eta abarri kalakan hasi: bizi behar dugu, glifosatorik ez!
Glifosato herbizida erabiltzeko baimena beste hamar urterentzat luzatu zuen azaroaren 16an Europako Batzordeak. Erabaki inkoherentea, ikusirik produktuaren toxikotasuna frogatzen duten ehunka ikerketa zientifiko daudela publikaturik. Inkoherentea ere, jakinik AEBetako 113.000... [+]
Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]
Glifosatoa baliatzeko hamar urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien erabiltzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da.
“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde” hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]